XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NERE BORDATXOTIK.

Sarritan esan dedana berritzera noa gaurkoan.

Atzerritarrei asko zor diegu euskaldunok eta euskaltzaleok.

Aiek izan ditugu askotan itxu-aurreko; aiek esnarazi gaituzte lo-zorrotik.

Gure arteko talenturik aundienak, aien lanak ikusita gero ekin zioten bene-benetan euskal arloari.

Aiek itzai, aiek akulari.

Ikus dezagun gure Azkue aundian zer dion: Etxeko bati mesede bat zor diogunean eskerrak eman gabe gelditzea ez da artaraiñoko pekatutzat jotzen.

Mesedegille ori kanpotarra, atzerritarra izan ezkero ordea, ondo ezitakoaren bearkizuna da esker beroak ematea.

Itxuskeri nabarmena litzake ala ez egitea.

Ara ta beartuagoak gaude gu, atzerritarrengandik izan ditugun mesedeak ain aundiak izanik.

Aztertu ondo Azkue-k berak ondoren egiten duen aitormen leial au: Ni, neroni, aita zana bezelaxe bertsoak osatzen arituko nintzan noski, Bonaparte aundiak ikasketarako, estudiorako sua piztu ezpalu nigan.

Pentsa nolako galera izango zuten Euskalerriak eta euskerak Azkue batek artu zuen bidea artu ezpalu.

Bonaparte printzipea ez izatera Azkue-rik ez genduen izango; Azkue-rik ez izatera ez aren ondorengo sokarik ere.

Bonaparte'k argitaratu zituen liburu sakonak aren aginduz egin ziran itzuketak (traduzioak); ark zabaldu zituen dirutzak, jende artean erabiltzen zuen tratu gozoak; itz batean esanik, gure izkuntzarengana sentitzen zuen maitasun neurrigabeak, askotxo bereganatu zituen.

Bonapartengana entregatzea, euskerangana entregatzea zan.

Azkue-ren kaso berean dago Astarloa durangoar jakintsua.

Humboldt alemana ez izatera, eman zuen pausorik etzuen emango durangoarrak.

Bere erri Durango utzita etzan Madrid-a aldatuko, eta an buru-belarri estudiora makurtuko.

Aitatutako bi auez kanpo, beste askotxo dira gure esker ona irabaziak.

Batzuk besterik aipa ditzadan: Van Eys, Hugo Schuchardt, Jules Vilson, Ribary, Stempf, Uhlenbeck, Dogson eta abar.

Aiñ urrutietakoak izanik, atzerritarrak izanik maixu izatera iritxi ziran gure izkuntzan.

Guk, euskaldunok, nekerik gabe, saiatu gabe izan nai degu maixu.

Emen dago gure okerra.

Gipuzkoar irakurle batek atzera egiten du bizkaieraz idatzita dagoen zerbait irakurtzeko.

Zailla iruditzen zaio bizkaiera; ez duela ulertzen esango dizu.

Bizkaitar askok lelo berdiña aterako dizute gipuzkoera dala-ta.

Eta zaletasun pixka-pixka bat artu ezkero, irakurtzeko gogoa izan ezkero, errez menderatzen diran eragozpen kaxkar batzuk besterik ez dira.

Egundo ez dit inportarik izan gipuzkoeraz irakurri edo bizkaieraz irakurri ondo idatzitako lanak izan ezkero.

Joskera oneko idazleak izan ditezela; euskal sena izan dezatela.

Txomin Agirre-k, esate baterako, Kresala bizkaieraz idatzi zuen.

Zoragarri idatzi ordea; ark egiten zekian bezela.

Euskeraz irakurtzeko batere zaletasunik duen gipuzkoarrak ez du aldapa aundirik aurkituko Kresala liburuan.

Ez du, bear bada, egile beraren Garoa bezin errez irakurriko edo ulertuko, baiña ez pentsatzen duen ainbateko alderik aurkitu ere.

Itxastarren izaera dan bezin gordin agertzen duen liburua da Kresala.

Euskeraz egin dan nobelarik ederrena, askotxoren iritziz.

Beste zerbait ere sarri etorri oi zait burura: Danok dakigu Bonaparte printzipeak dirua erruz zabaldu zuela euskeraren onerako; diru aren bearra izan zala garai artan azaldu ziran lan txalogarriak azaltzeko.

Aberats asko degu gaur euskaldunetan.

Beren izkuntzarengana Bonaparte-k ainbateko maitasuna balute, zer ez ote genduke egingo Euskalerrian?.